Ur-horniketa

Erromako ur-horniketak alderdi ikusgarriak zituen: 14 akueduktuk mila milioi litro ekartzen zuten egunean; 247 castella edo deposituk auzoetara banatzen zuten; biztanle gehienek iturrietara joan behar zuten ur bila, eta hori bereziki neketsu gertatzen zitzaien insulae haietako (zenbait solairutako etxeetako) biztanleei; etxebizitza pribilegiaturen batek bere hornikuntza propioa zuen, iturrietatik irteten ziren berunezko hodien bitartez bideratua. Euskal Herriko instalazio hidraulikoak askoz apalagoak ziren. Nolanahi ere, baziren egitura nabarmenak ere, hala nola Andelos (Andion, Nafarroa) hirikoak edo Alcanadre-Lodosa akueduktua.

Andelos

Biztanleen ur-premia asetzen zuen uharka hiritik bi kilometrora zegoen, ipar-ekialdean. Erromatar hormigoiz (opus caementicium) eginiko murru batek moldatzen zuen uharka, behe aldean horma-bularrek eusten ziotela. Giltza-gela batetik erregulatzen zen atera beharreko ura.

Hona ur-depositu bat. Ura uharkatik depositu erregulatzailera bideratzen zuten. 85 m luze, 37 m zabal eta 3,5 m garai zen depositu hori; beraz, 7.350 metro²-ko edukiera zuen. Haren barnean 37 horma-bular zeuden, hormen sendogarri, eta angeluetako batean eskailera bat zegoen garbiketa eta mantentze-lanak egin ahal izateko. Deposituaren kanpoaldean laukizuzen itxurako eraikuntza txiki bat ageri zen; castellum horretan uraren irteera erregulatzen zuten giltzen gela zegoen.

Ur-andelaren eta hiriaren arteko tartea egiteko, guztira 750 metro egiten ditu urak zuzen-zuzenean. Harlanduz estaliriko berunezko hodi batzuek bideratzen zuten ura. Pilare gaineko puntu erdiko arkuek eusten zioten kanalizazioari. Ura hirira iritsirik, castellum acquae baten bidez banatzen zen. Eraikuntza horrek hiri osorako ur-horniketa erregulatzeko zeregina zuen, eta bertatik irteten ziren hainbat kanalizazioren bidez iristen zen ura helmugara: termak, iturriak (nymphae), etab.



 

Alcanadre-Lodosa akueduktua

Calagurris hiria eta haren inguruko industriak, hala nola Alfar de la Majakoa non Gaius Valerius Verdullus nagusia zen, urez hornitzeko, Alcanadre-Lodosa akueduktua eraiki zuten. Ura Kodes mendilerrotik hartzen zuten eta akueduktua Lazagurritik abiatzen zen. Bere ibilbidean Ebro ibaia zeharkatzen zuen haren gainean eginiko pasabidetik. Litekeena da pasagune horretan akueduktua zubi gisa ere erabili izana, bestetan hala egiten baitzuten.


 

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org