Termak

Aisialdi fisiko eta intelektualerako lekuak ziren termak. Bainu eta saunarako instalazioak haien bereizgarririk nabarmenak izanik ere, askotan liburutegiak ere izan ohi zituzten. Domus eta villae handiak terma pribatuz horniturik zeuden, baina jende arrunta terma publikoetara joan ohi zen. Herriak terma publikoetan ematen zuen bere aisialdirik gehiena. K.o. I. mendeaz geroztik, galtzaden ondoan zeuden herrigune nagusiek halako establezimendu publikoak zituzten.

Terma publikoetarako sarrera doakoa izan ohi zen, edo aski merkea, nolanahi ere. Hala emakumeak nola gizonak batera egon zitezkeen termetan, harik eta Hadrianok bainuan sexuak banatzea agindu zuen arte, K.o. II. mendean, gertaturiko eskandaluak moztearren. Zenbait hiritan, terma batzuk gizonezkoentzat ziren, eta beste batzuk emakumezkoentzat, baina toki gehienetan orduak ezarri zituzten batzuentzat eta besteentzat, batera egon ez zitezen.

Hemen ikusten duzun planoa Trajanoren termei dagokie. 104.-109. urte bitartean eraiki zituzten. Erromatarren munduko terma ikusgarrienetakoak ziren. Ohartuko zarenez, ongi eraturik zeuden, erabilerarik egokiena izan zezaten. Gela beroek, esaterako, arratsaldeko eguzkia biltzen zuten, bainua orduan hartzen baitzuten gehienek. Euskal Herriko termak askoz apalagoak ziren, baina gustukoa zuten bainu edo sauna aldi on bat hartzea afaldu aurretik. Gasteizen, adibidez, Arkaiako termak zeuden.

 


 


 

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org