Politika

Mapa honetan ikus daiteke nola osatu zen Erromatarren Inperioa lehen fundazioetatik. Gainera, informazio gehiago lor dezakezu bai Euskal Herriaren anexio prozesuaz, bai eta erromatarren garaian gure lurraldeak zuen antolaketa politikoaz ere. Ikus dezakezunez, K.o. I. mendean, Inperioak bere hedadurarik handiena erdietsi zuen.

Lehen fundazioak

Hispaniaz jabetzeko prozesuan, Erromarekiko lehen harremanak izan zituzten Euskal Herriko herriek. Hasieran bi probintziatan banatu zuten penintsula: Hispania ulterior eta Hispania citerior. Ebro ibaiak egiten zuen bien arteko muga, eta Euskal Herria citerior horren barnean egokitu zen. Inguru honetako hiri sorrerarik antzinakoena K.a. 178koa da: Gracchurris (Alfaro, Errioxa). Gero, Ponpeiok bi hirigune garrantzitsu sortu zituen Pirinioen bi aldeetan: Pompaelo (haren izena zeramana, K.a. 75-74an sortua) eta Lugdunum Convenarum (St. Bertrande de Comminges). Bi-biak erromanizazio-gune garrantzitsuak izango ziren.

Pompaelo: Sertorioren gerren garaian (K.a. 81-72), Ponpeio baskoien lurraldera erretiratu zen. Bertan, aurreko bizigune baten gainean, ezarri zuen bere kuartel nagusia, eta hortik Pompaelo hiria sortu zen. Izen hori Pompeiopolis-etik dator, hots, Ponpeioren hiria. Haren kokalekua estrategikoa zen, zeren eta Akitaniarako bidea kontrolatzen baitzuen bertatik. Erromatarren Pompaelo hiriak 15 hektareako zabalera zuen. Decumanus edo ekialde-mendebalde ardatza egungo Curia kaleari zegokion, eta era berean foroak egungo katedralaren aldea hartzen zuen.

Antolaketa politikoa

Konkista prozesua amaiturik, neurri politikoak etorri ziren. Bertako etniak –barduliarrak, karistiarrak, beroiak, baskoiak eta autrigoiak– kontuan hartu gabe, Erromak administrazio-banaketa berria ezarri zuen. Citerior izeneko probintzia, Tarraconense (Tarraco, Tarragona, hiriburu) deitua izatera pasa zen, eta probintziak conventusetan banatu ziren. Hala, Euskal Herriko zati bat conventus cluniensis (Clunia, Coruña del Conde, Burgos, hiriburu) deiturikoaren barnean geratu zen; beste zati bat, conventus caesaraugustanus (Caesaraugusta, Zaragoza, hiriburu) izenekoaren barnean zegoen, eta akitaniar herriak Aquitania probintzian bildu zituzten.

74.-75. urteetan, Iberiar penintsula osoari eman zioten latindar zuzenbidea, eta, hiriek, administrazio garrantzi handiagoa hartu zuten. 212. urtean, Karakala enperadoreak Constitutio Antoniana eman zuen, eta probintzietako biztanle libreak Erromako hiritar bihurtu ziren.

Barduliarrak: Erromatarren aurreko herri bateko kideak ziren; Arabako ekialdean eta Gipuzkoako zati handi batean bizi ziren. Tullonium (Dulantzi) eta Alba (Durruma Donemiliaga) izan ziren haien herri garrantzitsuenetarikoak.

Karistiarrak: Autore klasikoek aipatu zituzten erromatarren aurreko herrietarik bat ziren. Arabako mendebaldea, Burgosko ipar-mendebaldea, Bizkaiko mendebaldeko mugaldea eta Kantabriako ekialdeko mugaldea ziren haien kokalekua. Hona haien herririk garrantzitsuenetariko batzuk: Deobriga (Cabriana) eta Flaviobriga (Castro Urdiales) koloniako hiria eta portua.

Baskoiak: Erromatarren aurreko herria, egungo Euskal Herriko hainbat eskualdetan hedaturik zeuden: Nafarroa osoan, Gipuzkoako ipar-ekialdeko mugaldean eta beste zenbait eskualdetan. Hona haien herrigunerik garrantzitsu batzuk: Pompaelo, Cara (Santakara), Andelos (Andion) edo Oiassongo portua (Irun).

Beroiak: Erromatarren aurreko Euskal Herriko herri bat zen. Toloño mendikateko hegoaldean bizi ziren; hala, beraz, La Hoya-ko herrixka (Biasteri, Araba) talde horri zegokion. Orobat, gaur egungo Errioxa Autonomia Erkidegoan kokaturik zeuden. Hona beroien herrigunerik garrantzitsuenak: Vareia (Varea), Libia (Herramelluri), Contrebia Leukade (Inestrillas, Cervera del Río Alhama).

Autrigoiak: Erromatarren aurreko herria, Araba eta Bizkaiko mendebaldean bizi ziren, bai eta Kantabriako ekialdean, Burgosko ipar-ekialdean eta Errioxako ipar-mendebaldean ere. Karakala: Marko Antonio Antonino Augusto, Karakala ezizenez, severoen leinuko enperadorea, 198-217 bitartean izan zen aginpidean.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org