Medikuntza

Erromako medikuntza greziarraren ondorengoa zen. Mediku grekoak, hala nola Hipokrates (K.a. V. mendea) eta Galeno (K.o. II. mendea), erromatar medikuntzaren aitzindari izan ziren, eta aditu nagusitzat zeuzkaten Erdi Aro osoan zehar eta garai modernoaren parte batean ere. Medikuntza eta kirurgia tresnen artean honako hauek erabiltzen zituzten:

Tresna kirurgiko hau Atxako kanpamentu militarrean aurkitu zen.

Atxako kanpamentu militarra: Atxako kanpamentu hori egungo Gasteizko hirigunearen iparraldeko ertzean kokaturik zegoen, Zadorra Hiribidearen eta Wellington Dukearen elkargunean. Muino baten gainean, iparraldetik Zadorra ibaiaren gaineko 20 metroko ezponda batek babesturik, herrigune bat zegoen toki horretan bigarren Burdin Aroan, gero inor ez zen bizi garai batez, eta K.o. I. mendean kanpamentu militarra finkatu zen bertan. Handik Zadorrako ibarra eta Astorga-Bordele galtzadaren aldea kontrolatzen zituzten. Kanpamentuak ez zuen denbora askorik iraun, baina bertako zabortegiak aurkitu izanak kanpamentuarekin zerikusia duen material kopuru handia eman digu.

Pieza guztiz berezi hau orratz oftalmologikoa da, Iruñan aurkitua. Brontzezko tresna mehea da, zilarrezko inkrustazioak dituena, eta kataratak operatzeko erabiltzen zen. Orratza zorro batean ezartzen zuten eta aldagarria zen. Objektu hau Iruñan aurkitu izanak garbi adierazten digu bazela bertan halako ebakuntza zailetan espezializaturik zegoen zirujaurik. Gainera, ondoko pantailan ikus dezakezu nola egiten zen katarata-operazioa I. mendean.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org