Landetxea

Landa-eremuan, lurjabe handiek luxuzko etxeak zituzten, villae zirelakoak, hiriko bizimoduari zegozkion erosotasun guztiez horniturik zeudenak. Villae horietan zerbitzari ugarik egiten zuen lan nekazaritzan, langileburu edo administratzaile baten agindupean. Funtsean, villae haiek bi zatitan banaturik zeuden: bizilekua eta nekazaritzarako zatia. Bi-biak dituzu irudi honetan; saka ezazu irudiotan bata eta bestea bereizteko.

 


 

Euskal Herriari dagokionez, villae direlakoen ustiapen-sistema hori Nafarroako Erriberan zabaldu zen gehien. Arellanoko villaea, Eka ibaiaren ibarrean, adibide egokia da. Ledea, Faltzes eta Soto del Ramalete-ko villaeak Euskal Herriko beste adibide nabarmen batzuk dituzu, Nafarroan horiek ere. Nolanahi ere, ez duzu pentsatu behar landa-eremu osoa villae handien inguruan antolatua zegoenik; bizigune gehienak txikiagoak ziren, hala nola etxaldeak.

Ledea: Ledeako villaea Iruñetik hego-ekialdean zegoen, hiriburutik 25 kilometro ingurura. Irunberriko arroilako ahoaren aurrean kokaturik, arroilaren gaineko bista ederrak zituen. K.o. IV. mendean eraiki zuten, Goi-Inperioko nekazaritza-ustiapen baten gainean. Bertako instalazioen artean, egoitza-aldea peristilodun domus bat zen, hau da, gelak kolomadun patio baten inguruan antolaturik zeuden. Gainera, badira terma batzuk ere ekialdean; lorategidun urmael bat ere bai; baita aletegiak eta ardo-biltegiak ere.

Soto del Ramalete: Soto del Ramaleteko villaea, Nafarroako Castejónen zegoen. Nekazaritzari dagokionez, biltegiak, ukuiluak eta tailerrak zeuzkan; hiri-aldean, ordea, gelak, termak (caldarium, tepidarium eta frigidarium izeneko gelak ) eta mosaikoak

Etxaldea: Villae izen historikoak guztiz errealitate desberdinak bildu ditu bere baitan: luxuzko etxebizitza duten landetxeak, hiriko erosotasun guztiekin, edota askoz maila apalagoko etxaldeak. Azken horien artean, batzuk nekazaritzako aldea bakarrik zuten (biltegiak, tailerrak, ukuiluak…), inolako luxurik gabekoak: etxalde soilak baitziren.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org