Krisialdia

Erromatarrak nagusi izan ziren garaiak –historiako beste edozein garaik bezala– bilakabide gorabeheratsua izan zuen. Erromatar ereduaren ezarpena ez zen berdina izan leku guztietan, eta ez zuen eragin bera izan toki eta jende guztiengan. Dena den, eskema politikoa, hiriak, galtzadak, merkataritza lehenago ezagutu gabeko eskalan garatu zen Goi-Inperioaren garaian, eta gure eskualdeetan ere nabarmendu egin zen. Gure aroko lehen bi mendeetan lortu zuen “erromatar ereduak” bere hedadurarik handiena. II. mendean, ordea, sistemaren akiduraren lehen sintomak sumatzen hasi ziren, eta III. mendean eragin handiko krisia gertatu zen. Ondokoa, erromatar aldiaren amaieraren kronika da.

Harresiak eraikitzea

III. mendeko krisi hori nabaria izan zen Euskal Herrian: hainbat nekazaritza-ustialeku, hiri txikienak, desagertu egin ziren. Hala eta guztiz, zenbait hiri, Astorga-Bordele bideko garrantzitsuenak, sendotu egin ziren garai horretan. III. eta IV. mendeetan zehar harresia jarri zuten hainbat hirik: Lucus Augusti (Lugo), Legio (León), Asturica Augusta (Astorga), Gigia (Gijón), Veleia (Iruña), Lapurdum (Baiona), Burdigala (Bordele). Bide horretatik, hain zuzen ere, salgairik estrategikoenetako bat esportatzen zuten: Rhineko mugaldean premiazkoa zen mesetako laborea.

IV. mendea

III. mendeko krisia iraganik, halako susperraldi bat gertatu zen. Inperioaren gerra eta politika arazo nagusietatik urrun izatea Iberiar penintsularen aldeko izan zen eta nolabaiteko oparoaldia bizi izan zuen. Landa aldean nekazaritza-bizigune berri batzuk sortu ziren, aurreko aldietan bezainbeste izan ez baziren ere; Veleia (Iruña) eta Lapurdumeko harresiak eraiki zituzten; Andelosko (Andion) urtegia zabaldu zuten; eraberritze-lanei ekin zieten etxebizitza pribatuetan…

Bagaudak

IV.-V. mendeetan, gizarte mugimendu batzuk gertatu ziren, zeintzuk sistemaren aurkakotzat hartu dituzten zenbait historialarik. Bagauda horiek indarrezko gatazkak izan ziren; lurjabe txiki pobretuak, zerga gero eta handiagoz estuturiko hiriko langilegoa eta beste era askotariko jendea izan zen gatazka haietako protagonista. Euskal Herrian gisa horretako gertakariren bat izan zen Uharte-Arakil aldean kokaturiko Aracillumen.

Barbaroak

IV.-V. mendeetan, gizarte mugimendu batzuk gertatu ziren, zeintzuk sistemaren aurkakotzat hartu dituzten zenbait historialarik. Bagauda horiek indarrezko gatazkak izan ziren; lurjabe txiki pobretuak, zerga gero eta handiagoz estuturiko hiriko langilegoa eta beste era askotariko jendea izan zen gatazka haietako protagonista. Euskal Herrian gisa horretako gertakariren bat izan zen Uharte-Arakil aldean kokaturiko Aracillumen.

Harpeetan bizi

V. mendearen hasieran, herri barbaroak –alanoak, sueboak eta bandaloak–, Pirinioetako igarobideak zeharkaturik, Iberiar penintsulan sartu ziren. 411. urtean hitzarmena egin zuten Erromatar Inperioaren administrazioarekin: sueboek eta bandaloetariko batzuek –asdingoek– Gallaecia beretu zuten; alanoek Lusitania eta Carthaginensis zirelakoak beren gain hartu zituzten; gainerako bandaloek –silingoek– Betica jaso zuten. Penintsula osoan Tarraconensis probintzia bakarrik geratu zen Erromaren eskuetan, eta Hego Euskal Herriko lurraldeak haren barnean zeuden.

Amaiera

Aldaketak gorabehera, hirietako bizitzak aurrera jarraitzen zuen. Erromatar estatua 476an mendebaldean desagertu zenean ere, barbaroek Romulo Augusto azken enperadorea aginpidetik egoztean, salgaiek galtzadetan zehar zebiltzaten, eta hainbat bizigunetara iristen ziren, hala hirietara –Veleia edo Pompaelo– nola nekazari gunetara –Las Ermitas (Arabako Getaria). Zenbait kokagune, Veleia esaterako, hiri izaera galdurik, apurka-apurka biztanleak galduz joan ziren; beste zenbait hirik, hala nola, Pompaelo eta Lapurdumek, beren ibilbide historikoa jarraitu zuten, jadanik Erdi Aroan sarturik.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org