Idazketa eta argiztapena

Erromanizatze-prozesua aurreratu ahala, latina gailendu zen hizkuntza ofizial gisa: txanponetan, dokumentu ofizialetan eta eguneroko adierazpide ohikoagoetan, hala nola zeramikaren gaineko graffitietan edo hilarrietan.

Andelos: Hau Andelosen (Andion) aurkitu brontzezko plaka da. Honen testua idazki ofiziala zen; honen bidez, udaleko zinegotzi edo magistratuek eskaintza bat egiten zioten Apolori.

Graffiti: Zeramikaren gaineko graffitia. Marka-mota horiek pieza berdinetatik bereizteko egin ohi ziren. Zenbait graffiti aski eskematikoak ziren; beste batzuk, ordea, beren sortzaileen marrazteko gaitasunaren erakusgarri ziren. Gehienek erabiltzaileen izena zeramaten.

Lucernae: Eguneko argi-orduez kanpo, argi artifiziala ezinbestekoa gertatzen zen idazteari ekiteko. Argitzeko sistemarik soilenak, hala nola zuziak, erabili ohi zituzten gauez kale eta bideak argitu ahal izateko. Hartarako, lucernae edo olio-lanpara txikiak ziren sistemarik ohikoenak, beste batzuk ere baziren arren. Halako lanparak olioa zegoen toki guztietan erabiltzen ziren, eta ugari aurkitu dira Ebro aldeko hiri eta biziguneetan, bai eta Arabakoetan eta Oiassonen (Irun) ere. Mea-ustiapenetako barnea argitzeko ere erabili ziren lanpara horiek. Hasieran lucernae horiek Afrikatik eta Italiatik ekartzen bazituzten ere, laster hasi ziren egiten Ebroko ibarrean bertan.

Stylos: Hau stylos bat da, argizaria emaniko oholtxoetan idazteko erabilia: muturraz idatzi eta beste aldeaz zuzenketak egin zitezkeen. Orobat, luma edo calamus batez idazten zuten tinta erabiliz; kasu honetan, pergamino edo papiroaren gainean. Posta lakrez zigila zezakeen, eta zigilu bat ezarri bortxaezintasuna segurtatzearren.

Kaxa hau posta ofiziala lakratzeko zigilua babesteko erabiltzen zen.

Ehorzketa-lekua markatzen zuten hilarriek. Testuan hildakoaren hainbat datu eman zitezkeen: gurasoak, ahaideak nor ziren, nongoa zen, adina, jatorria, lanbidea, etab. Alorrik pertsonalenetako batean, heriotzaren aurreko jarreran, latinak zuen ezarpenaren lekukotasuna ematen digute hilarri horiek. Nolanahi ere, latinezko testuen azpian euskal izenak ezartzen jarraitu zuten, hala nola Andere, Nescato, Gison, Ummesahar, Iluna edo Ibarra.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org