Hiriko etxebizitza

Hiriek garrantzi handia zuten erromatarren munduan. Hiriaren plano idealak guztiz erregularra izan behar zuen; baina, hiriek askotan aldez aurretik ezarririko egitura izan ohi zutenez, planoa forma askotarikoa gertatzen zen. Hiriak bi kale nagusiren inguruan antolaturik zeuden (cardo eta decumanus). Bi kaleok gurutzatzen ziren gunean foroa zegoen, hots, esparru publikoa, politika-, merkataritza- eta erlijio-gunea.

Erromatarren munduan hiriek zuten garrantzia antzemateko, oroit zaitez Erromatar Inperioa bera hiri baten garapenetik sortua zela. Badakizu zein? Bai, noski: Erroma duzu hiri hori.

Hona Euskal Herriko erromatar hiri nagusiak: Baiona (Lapurdum), Iruñea (Pompaelo) eta Oka-Iruña (Veleia). Ez ziren Erromaren mailakoak, baina ez ziren hutsaren hurrengo ere.

Plano idealak:Hiria sortzerakoan, hiriguneak hartu behar zuen perimetroa (pomerium) markatzea zen lehen egitekoa. Izaera erlijiosoa zuen ekintza honek eta apaiz batek egin ohi zuen, goldea behi zuri batek eta zezen batek zeramatela. Ildo baten bidez markatzen zen hiriaren trazatua; goldea lau puntutan besterik ez zen altxatzen, kale nagusiak egin beharreko lekuetan alegia. Barnea kale nagusien inguruan antolatzen zen, laukizuzeneko etxaditan, eta erdigunean foroa zegoen (eraikin publikoak bertan zirela: tenpluak, teatroa, basilika…).

Erroma: Hiri idealaren planoak guztiz erregularra izan behar bazuen ere, Erroma ez zen sekula halakoa izan. Tradizioaren arabera, zazpi muinoren gainean sortua izanik, topografiari egokitu beharra izan zuen. Augustoren garaian, milioi bat inguru biztanle zituen. Etxeak askotarikoak ziren: domus edo hiriko etxe dotoreenetako insulae edo solairuko etxe kaskarrenetaraino.

Hemen domus baten planoa ikus dezakezu, hau da, hiriko etxe noble baten planoa. Jakina, hiriko biztanlerik gehienak askoz eraikin apalagoetan bizi ziren; insulae deituriko horiek hainbat solairuko etxeak ziren. Iruña/Veleian, erromatarren erara eraikiriko etxebizitza horiek II. Burdin Arokoak ordezkatu zituzten, Tiberio enperadorearen garaiaz geroztik. Batzuetan, lehengo eraikinen materialak erabili zituzten berriro, etxebizitza eta tailer xumeak eraikitzeko.

Hemen ikusten duzun domus hau cardo edo kale nagusiaren paraleloa zen, beste kale batean zegoen eta 900 metro koadro baino gehiago hartzen zituen. Bertan, sukalde, komun, jangela eta lorategiaren kokaguneak oraino aurkitzeko daude.

Saka ezazu aurkitu diren planoko geletan, informazio gehiago jasotzeko.

 


 

 

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org