Gida didaktikoa

Erromanizazioa Euskal Herrian berez 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako ikasmateriala da, aldi berean beste adinetako erabiltzaileentzat ere interesgarria gerta daitekeena. Produktuaren xede nagusia gazteei Euskal Herriko erromanizazioari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea da. Eskaintzen den materialaren bidez, ikasleak gure aurretikoen bizimodura hurbiltzen dira, garai honetako gizartearen bilakaera azaltzen zaie eta. Ikasmaterialaren helburua irakaskuntzaren laguntzaile izateaz gain, erromanizazioaren lehen sarrera eta orientabidea izatea da, hau da, ikaslearentzako erabat erabilgarria izango den tresna eskuratzea.

Garapenerako ildo nagusiak honako hauek lirateke:

  • Euskal Herriko erromanizazioari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea ikasleei.
  • Teknologia berriak eta ikasmateriala uztartzea, gazteei teknologia berriak barneratzen lagunduz.
  • Ikasleak IKT-dun gaitasunetan trebatzea.
  • Ikasgeletako metodologia-aldaketari laguntzea.

Helburu orokorrak

Teknologia berriek aspaldi utzi zioten tresna arrotza izateari informatika-aplikazio honen xede diren gaztetxoentzat. Hori dela eta, tresna bikainak dira curriculumetara egokitutako eduki didaktikoak jorratzeko, aukera handiak eskaintzeaz gain, oso gertukoak baitzaizkie ikasleei.

Horrelako ikasmaterialen bidez, ikaskuntza-prozesua sendotzen lagundu nahi diegu ikasleei, eta halaber, beren kasa ikasteko aukera eman. Dena den, gogoan izan behar dugu gelako ikasmaterialaz gain era horretako euskarriak erabiltze hutsak ez duela hezkuntza-produktuen kalitatea bermatzen, besterik gabe.

Nolanahi ere, teknologia berriek dakartzaten aukera elkarreragileak lagungarriak zaizkigu lanari ekiteko, eta irakasleen beste jarduera batzuekin batera, ikaskuntzaren emaitza hobetzen lagundu dezakete, testu idatzietan oinarritutako baliabideek edo ikasgelako prestakuntza itxiak baino aukera ugariagoak eskainiz.

Gure ikasmaterialaren diseinu didaktikoaren helburua ez da erabiltzaileek gertakari historikoak, izenak eta datak buruz ikastea. Erromanizazioa Euskal Herrian ikasmaterialaren edukiak prestatu eta antolatzean, ikasleak orduko giroan murgiltzea eta garaiko mendeetako paisaia historikoa irudikatzea lortu nahi izan dugu, oro har.

Ikasmaterial honetan zehar ahalegin handia egin dugu, erabiltzaileek beste garai eta ingurune batzuetako pentsamoldeaz jabetzeko aukera izan dezaten. Tolerantzian eta elkarrenganako begirunean oinarritutako balio-sistema sendotu eta garatzea lortu nahi izan dugu, eta horretarako iragana ezagutu eta ulertu behar dela uste dugu.

Erromanizazioa Euskal Herrian ikasmaterialaren helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Iraganeko errealitate sozialari buruz jakiteko interesa eta ikusmina eta gertaera historikoen aurrean jarrera kritikoa.
  • Gizarte historikoen arte- eta kultura-adierazpenak balioetsi eta errespetatzea.
  • Giza taldeen kultura ondarea den aldetik, gure ondare historiko eta artistikoa eta naturala balioetsi, errespetatu eta haiekin gozatzea, eta hura zaintzearen, defendatzearen eta jakinaraztearen aldeko jarrera izatea.
  • Gizonezkoek eta emakumezkoek historian izan duten zeregina balioestea.

Curriculumaren erreferentziak OCDn

Erromanizazioa Euskal Herrian osatzen duen ikasmateriala DBH 1. ikasmailako “Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia” ikasgaiko edukiekin lotura du. Maila horretan, gizarte historikoen bilakaera lantzen da, hastapenetatik Erdi Arora arte. Esparru horren barruan, gizarteen bilakaera ahalik eta nabarmenen erakusten duten alderdiak azpimarratzen dira, baita, denboraren ikuspegia abiapuntu hartuta, egungo gizarteak nola eratzen diren ikusarazten duten alderdi esanguratsuenak ere. Mundua eremutzat hartuta, eta bereziki, gure herrialdeko historiaren ezaugarriak erantsi dira.

Hain zuzen ere, irakasgai hau osatzen duten hirugarren eduki multzoa, “Historiaurreko gizarteak, lehendabiziko zibilizazioak eta Antzinaroa” delakoarekin oso lotuta dago:

  • Mundu klasikoa: Grezia eta Erroma. Atenasko demokrazia. Polisa. Erromatarrek ekonomia, administrazioa eta politika nola antolatzen zuten. Erromatar Inperioa sendotzea eta ondoren gainbehera etortzea eragin zuten era askotariko faktoreak. Hispania erromatarra: erromanizazioa. Hiria eta hiriko bizimodua. Arte klasikoa. Erromanizazioa euskal eremuan.
  • Mundu klasikoaren kultura-ondarea eta gure egungo zibilizazioari egindako ekarpenak. Gure kultura, beste kultura batzuen arteko harremanaren emaitza. Latinaren eragina euskararekiko.
  • Kristautasunaren jatorria eta nola hedatu zen. Erromatar Inperioa nola amaitu zen eta mediterranear batasuna nola zatitu zen. Kristautasuna Euskal Herrian nola sortu zen.

Erromanizazioa Euskal Herrian ikasmaterialak, hala ere, zeharkako izaera eduki nahi du, lantzen dituen edukiak ikasleak beste gaietan eta bere eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Gaitasunei dagokienean, hauek lirateke ikasmaterialak garatzen lagunduko duena:

  • Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
  • Zientzia, teknologia eta osasun-kulturarako gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
  • Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.

Materialaren erabilerarako testuinguru metodologikoa

Ikasmaterialaren xede nagusia irakasgaiaren laguntzaile zuzena izatea da, hau da, erromanizazioaren ezagutzak jaso ondoren hau guztia era praktiko batean garatzea ahalbideratuko duen erreminta eskuratzea. Horrela, ikasmaterialaren bidez ikasleak aurrerago jasotako kontzeptu teorikoak era praktiko batean landuko ditu. Honekin guztiarekin, irakaslearentzat eta ikaslearentzat erabat erabilgarria izango den tresna eskuratuko dugu.

Erromanizazioa Euskal Herrian ikasmaterialaren oinarria interaktibitatea eta elkarreragiketa dugu, ikasleentzako erakargarria eta motibagarria izan dadin eduki eta ariketa ezberdinen arteko nabigazioa ahalbideratzen baitu.

Erabiltzaileek une oro eta aisa eskuratu ahal izango dute nahi duten informazioa, erraz ulertzeko moduko loturen bidez. Horretarako, hainbat baliabide erabiltzen dira (animazioak, galderak, testuak…) Euskal Herrian izan zen erromanizazioari buruzko alderdirik interesgarrienak ezagutu eta aztertzen laguntzeko.

Guzti horrekin, ikasleak Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia ikasgaiarekiko duen interesa eta motibazio-maila areagotzea eskuratuko dugu, bere ezagutzak garatzeko aukera izango duelako era atsegin eta entretenigarrian eta beti ere kalitatezko edukiekin.

Barne-egitura eta edukiak garatzeko oinarriak

Ikasmaterial honen erabiltzaileak garai jakin batean murgiltzeko, aztergai dugun gaiaren inguruko jakin-mina sortzeko moduko pizgarriak erabili behar direla uste dugu. Horrela, garai historiko liluragarri hura ezagutzeko gogoa izango dute.

Eskaintzen den materialaren bidez, ikasleak gure aurretikoen bizimodura hurbiltzen dira, erromanizazioak Euskal Herrian izan zuen bilakaera azaltzen zaie eta. Hau da, Euskal Herriko erromatar aroko gizarte, politika eta ekonomiarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko informazioa eskaintzen da.

Euskal Herriko erromatarren garaiko bizimodua ikasteko aukera ematen dituen edukiak ditu ikasmaterialak. Edukiak 17 ataletan banatuak daude eta horietan guztietan galderak aurkituko ditu ikasleak. Hau da, ikasmaterialak alde teoriko eta praktikoa uztartzen ditu:

  • Alde teorikoan atal bakoitzak erromatarren garaiko Euskal Herriaren alderdi bati buruzko azalpenak eskaintzen ditu. Hauek guztiak hasierako menu batean aurkezten dira bakoitzean klikatuz edukietara barneratzeko aukera dagoelarik.
  • Alde praktikoari dagokionez, atal bakoitzaren edukiei buruz jasoriko ezagutza neurtzeko galderak egongo dira. Ikasleak hainbat test erantzun behar ditu aplikazioan zehar biltzen diren ezagupenen bitartez. Horrez gainera, ariketa guztietan bakoitzak bere emaitzak zuzentzeko sistema dago, ikasleak bere kasa arituta ariketak ondo egin dituela ziurtatzeko.

Erabilitako metodologia edukiak jaso eta galderak gainditzea eskatzen duen sisteman oinarritzen da: atal bakoitzean ikasitakoa berehala aplikatzeko aukera dago. Horrela, atal bakoitzak bere osotasunean edukiak bereganatu eta, ondoren, horiek gauzatzeko aukera eskaintzen du.

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkezten dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimaketarako prestatua (PDF formatua).

Kredituak

Jatorrizko gidoia: Eliseo Gil Zubillaga

Diseinua: Euskomedia Fundazioa

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org