Egutegia

Erromatarren egutegia aldatuz joan zen denboran zehar, azkenean gaur egun ezagutzen dugunaren egitura ia bera hartu zuen. Urtea, eskuarki, jarduerako bi kontsulen izenez adierazi ohi zuten, baina baziren beste erreferentzia batzuk ere, hala nola Erromaren sorreratik igarotako denbora. Hilabeteko eguna adierazteko, hiru egunek bakarrik zuten izen berezia: kalendae deiturikoak (hilabete guztietako lehenak), nonae (edo hilabeteko bosgarren egunak, salbu martxoan, maiatzean, uztailean eta urrian, horietan zazpigarrena baitzen) eta idus izenekoak (hamahirugarrena, salbu eta aipatutako hilabeteetan, horietan hamabosgarrena baitzen). Hala, otsailaren 4a, esaterako, “otsaileko nonae-en baino egun bat lehenago” esaten zuten; eta uztailaren 16a, “idus-en ondoko eguna”.

Astea: Hasieran bederatzi egunetan behin merkatu eguna, hots, jaieguna egiten zen. Zazpi eguneko astea Erromatar Inperioaren garaian sortu zen egiptoarren eraginez, ezagutzen zuten astro bakoitzari egun bana eskaintzen baitzioten. Hona egunen latinezko izenak: Saturni dies (Saturnoren eguna), Solis dies (eguzkiaren eguna), Lunae dies (ilargiaren eguna), Martis dies (Marteren eguna), Mecurii dies (Merkurioren eguna), Iovis dies, Veneris dies (Jupiterren eguna) eta (Venusen eguna). Denbora igaro ahala, Saturnoren eguna Sabbatum izatera pasa zen hebraitarren eraginez, eta eguzkiaren eguna, kristautasunaren eraginez eta Konstantino enperadorearen aginduz, Dominica dies, hau da, Jainkoaren eguna deitu zuten.

Ospakizunak: Jai egunak hor-hemen tartekatzen ziren erromatarren egutegian. Baziren finkoak eta ez ohikoak, erlijiozkoak, oroitzapenezkoak, bai eta ludikoak ere. Azken horiek jarduerako gobernari edo magistratuek ezartzen zituzten. Gaius Valerius Verdullusen oroitzapenezko edalontzietan ikus ditzakegu egutegia eta erromatarren jai-praktikak zein erroturik zeuden Euskal Herrian.

Hilabeteak: Pixkanaka, erromatarren egutegia aldatuz joan zen, gutxi gorabehera gaur egun ezagutzen dugun eran geratu arte. Julio Zesarren heriotzaren ondoren, enperadorea jaioa zen hilabeteari haren izena jarri zioten: Iulius (Uztaila). K.a. 8an, senatuak, Augusto lausengatu nahian, hilabete bat eskaini zion: Augustus (Abuztua). Hala, hilabeteak eta haien egunetako iraupena honela geratu ziren: Ianuarius (31), Februarius (28), Martius (31), Apirilis (30), Maius (31), Iunius (30), Iulius (31), Augustus (31), September (30), October (31), November (30) eta December (31).

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org