Armada

II. mendean, 150.000 legionariok osatzen zuten erromatarren armada, gudari talde laguntzaile askorekin batera. Gudaroste horrek, eginkizun bereziki militarrez gainera, herri lanen eraikuntzan laguntzen zuen eta estrategikotzat jotako lanak (meategiak, gatzagak…) zaintzeaz arduratzen zen. Legionarioek armadan 20-25 urte ematen zuten eta Erromako herritarrak ziren. Denbora bitarte hori amaiturik, lizentziatu egiten ziren eta sari bat jaso ohi zuten: lursail bat bertan kokatu ahal izateko edo dirua, hamabi urteko ordainsarien heinekoa. Baina noski, beti zeukaten epe berdinerako armadan berriro sartzeko aukera, bigarren aldi honetan gradu batekin, eta ez soldadu arrunt bezala. Dazia, Armenia, Asiria, Mesopotamia edo Arabian kanpainak egin zituen Trajano enperadorearen ondoren (K.o. 106-117), inoizko hedadurarik handiena hartu zuen Erromako Inperioak. Hadrianok, haren ondorengoak, defentsak sendotzeari ekin zion lurralde-mugak bermatzearren. Hala, Britainian harresi bat (“Hadrianoren harresia”) eraiki zuten eta Rhin-Danubio lerroan zeharreko mugak sendotu zituzten. Gainera, gudarostearen kuartel iraunkorrak finkatu zituzten; horren ondorioz, legionarioen eta auzoko biztanleen arteko harremanak areagotu egin ziren.

Legioak

150.000 legionario horiek jarraian adierazten den eran antolaturik zeuden: 5.000 gizonek legio bat osatzen zuten, legio batean 480 gizoneko 10 kohorte sartzen ziren, eta kohorte bakoitza 80 legionarioko 6 zenturiaz osaturik zegoen, zenturioi baten agindupean haietako bakoitza. Zerbitzuko legionarioak –ofizialki– ezin ziren ezkondu, baina nola edo hala moldatzen ziren familia goarnizioaren ondoan izateko. Legionarioen erosteko ahalmenak merkataritza bultzatzen zuen kanpamenduen inguruan, eta kasu askotan benetako hiriak sortu ziren haien inguruan, hala nola Espainiako Leon, Legio VII izenekoaren babespean sortua.

Gudari talde laguntzaileak

Erromatar gudaria diziplinatua zen eta guztiz antolaturik zegoen aginpide-kate konplexu bateko partea zen. Erroma, alabaina, beti ahula izan zen zalditeriari dagokionez. Hori zela eta, laguntza taldeak erreklutatzen zituen haren mendeko hainbat herritako jendearen artean. Hala, zenbait alorretan espezializaturiko gudari taldeak borrokatu ohi ziren legioekin batera; horien artean herri batzuk nabarmendu ziren, hala nola numida eta germaniarrak, zalditeriari dagokionez, edota Balearretako habailariak. Zerbitzua amaiturik, laguntzaileek erromatar hiritartasuna eskuratzen zuten bere buruarentzat eta bere familiarentzat.

Euskaldunak eta Erromako armada

Zenbait testigantzak dokumentatu egiten dute euskaldunen parte-hartzea erromatarren armadan. K.a. 89. urtekoa den Ascoliko brontzean, esaterako, Segia baskoien hiriko bederatzi zalduni erromatar hiritartasuna ematen zaiela adierazten da. Geroxeago, K.a. 82-72 bitartean, Ponpeio handiaren eta Sertorioren arteko gerra zibila gertatu zen, gerra sertoriarra deiturikoa. Gerra hori Hispaniara aldaturik, Ponpeiok Pompaelo sortu zuen bertako herrixka baten gainean K.a. 75.-74. urteetan. Gerra horretan, Bursao (Borja), Cascantum (Kaskante) eta Gracchurris (Alfaro) hiri baskoiak Ponpeioren aliatuak ziren; Calagurris (Kalagorri), ordea, zeltiberiarra zen eta Sertorioren aldekoa. Garai horri dagokio Alfaron eginiko aurkikuntza arkeologikoa: “La Azucarera-ko biltegia”. Hor, arma ugari aurkitu dira, haien artean Gladius hispaniensis motako ezpata batzuk; puntaz eta bi ahoz horniturik, estokadak eta ebakiak egiteko gai zen ezpata mota hori estandar bihurtu zen erromatar legioen artean. K.o. I. mendean baziren Euskal Herriko tribuen izeneko gudari taldeak: Cohors II Hispanorum Vasconum delakoa (baskoiek osatua), K.o. 105. urtean Britainian kokaturik zegoena; Cohors Carietum eta Veniaesum (karistiarrek osatua), edo Cohors I Fida Vardullorum (barduliarrek osatua) izenekoak Britainian zeuden K.o. 98. urtetik.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erromanizazioa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org